Henri Queuille (Neuvic, Corrèze, 1884ko martxoaren 31 – Paris, 1970eko ekainaren 15a) frantziar politikaria izan zen. Hiru aldiz izan zen Frantziako lehen ministro (1948-49, 1950, 1951).
Medikuntza ikasi zuen Parisen eta bere jaioterrian kokatu zen profesionalki. Alderdi Erradikaleko kidea izan zen, eta Neuviceko alkatea. Lehen Mundu Gerran boluntario bihurtu zen mediku gisa eta Verdun eta Somme guduetan parte hartu zuen.
Diputatua izan zen 1920tik 1935era eta senataria 1935etik 1940ra. Gerren arteko garaian Nekazaritza, Osasun Publiko eta Herri Lan ministro izan zen.
1943an Londresera ihes egitea eta De Gaulle jeneralarekin bat egitea lortu zuen. Laugarren Errepublikan hiru aldiz izan zen lehen ministro, koalizio-gobernuen buru. Bere agintaldian Frantziak NATOrekin bat egin zuen.